PADURA
BIOANIZTASUNA,
ESTUARIOKO BIZITZA
Busturiak Urdaibaiko estuarioko padurak eta bizitza gertutik ezagutzeko gune aproposa du San Kristobalgo hareatzan.
San Kristobal auzoko trenaren geralekutik iritsi zaitezke gune horretara, paseo bat emanez. .
Hareatzan, bisitariak paduren ikuspegi bikaina izango du, ekosistema horretan murgilduta baitago. Ondo ikusten dira mareen eta ibaien eraginak, bai eta hareatzen eta lohien arteko muga eta trantsizio-eremuak ere. Florak marrazten du paisaia: ihien berde ilunak, getozka-masen berde argiak eta lezkadiz osatutako landare-horma garaiak bereiz daitezke.
Padurak eta estuarioko bizitza gertutik
ezagutzeko gune aproposa da
Inguru hau bereziki egokia da paduran babesten diren hegaztiei behatzeko. Ohikoa da kurlinta handiak, koartza hauskarak, koartzatxoak, antzarak eta beste ahate mota batzuk ikustea. Zenbaitetan, mokozabalek, beltxargek edo arrano arrantzaleek ere geldialdi bat egiten dute hezegune hauetan. Behatoki bat ere badago, estrategikoki kokatuta.
Hauek dira San Kristobalgo behatokitik uretako hegazti horiek ikusteko garairik interesgarrienak:
- Abuztuaren erdialdetik urriaren amaierara. Hegazti migratzaileak igarotzen dira.
- Azarotik martxora. Negualdia.
Nazioarteko aitorpena eta
babes bereziko eremua
1993an, Urdaibaiko estuarioa Ramsar zerrendako nazioarteko garrantziko hezeguneetan sartu zen Euskadiko lehen hezegunea izan zen, bereziki, Uretako Hegaztien Habitaten atalean.
Batasuneko garrantzizko espezie eta habitat mehatxatuak daudenez Urdaibain, Natura 2000 sarearen parte da. Itsasadar osoa eta itsasertza HBBE (Hegaztientzako Babes Bereziko Eremuak) dira, eta KBE (Kontserbazio Bereziko Eremuak) gisa integratzeko bidean daude artadi kantauriarrak, padurak eta itsasertzeko zerrenda eta ibai-sarea.
Behatokiaren ondoan aurkituko duzun interpretazio-panel batek paduren eta San Kristobalgo hareatzaren ingurua ezagutzen lagunduko dizu.