MEMORIA HISTORIKOA

ANJEL LEKUONA

Anjel Lekuona busturitarraren bizitzak, bere bizitza emon eta gerra baten basakeria eta haren ondorioak jasan ebezen beste hainbaten bizitzagaz batera, oroimena zein garrantzitsua dan ulertzen laguntzen digu. Bere historia sufrimenduz betetakoa da baita gizatasunaz, zintzotasunaz eta duintasunaz ere.

SUFRIMENDUA, ERRAUTSAK, GIZATASUNA, DUINTASUNA ETA MEMORIA

Gure historiaren erreskatea

Anjel Lekuonarekin batera, 258 euskaldun inguru eraman zituzten Alemania naziko kontzentrazio-esparruetara 1940 eta 1945 urteen bitartean. Mauthausen, Buchenwald, Dachau, Sachsenhausen, Ravensbrück, Neuengamme, Flossenbürg eta beste hainbat  kontzentrazio-esparru batzuetan pilatuta, "lanaren bidez masakrea" jasan zuten: lan nekagarriak, elikadura txarrak, arropa eskasak eta pilaketak eragindako neke fisiko eta psikologikoa. Kontzentrazio-esparruetara eraman zutenen bizi itxaropena zortzi hilabetekoa zen. Bizirik iraun zutenek ondorio kronikoak izan zituzten, eta hurrengo urteetan horietako asko hil egin ziren. Nazismoaren euskal biktima guztiak beti gogoan izango ditugu. Berriro inoiz ez!

ETXAHUN GALPARSORO, Historialaria

Eskuz idatzitako gutun
bat, funtsezkoa ikerketan

Anjel Lekuonari buruzko ikerketa 2000. urtean hasi zen. Gregoire Urangak, Urruñan jaioa eta kontzentrazio-esparruan Anjel Lekuonaren lankide izana, 1945eko udan Lekuona familiari bidali zion gutunetik datuak atera ondoren, 1939an Frantziara ihes egin zuela eta egurgile gisa lan egin zuela jakin ahal izan zen. 1943ko udan Pirinioetako lekuren batean atxilotu zuten, Gurseko esparrutik gertu (Paueko Unibertsitateak egindako ikerketa baten arabera, Anjel Lekuona Arudyko egur-enpresa batean lanean aritu zen, esparru horretatik kilometro gutxira).


Artxiboetako kontsultei esker, xehetasun gehiago ezagutu ahal izan ditugu (datak, presoak eramateko antolatutako konboiei buruzko dokumentazioa, etab.). Hari-mutur horiek guztiak lotuta, artxibo asko kontsultatuta, beste historialari batzuekin harremanetan jarrita, Anjel Lekuonaren errautsak, naziek fusilatutako beste askoren errautsekin batera, Pragako Strasnice Errausketa-labearen memorialean daudela jakin ahal izan da. Erraustegi horren arduradun Frantisek Suchyren ausardiari eta erabakimenari esker; izan ere, errausketa bakoitza dokumentatu eta errautsak zenbakitutako kutxetan gorde zituen, SSen aginduei men egin gabe, eta erraustegiaren bazter batean ezkutatu.

 

Errautsak eta duintasuna

Anjel Lekuonaren errautsen ondoan, 62.559 zenbakia duen hileta-kutxan, beste sei preso espainiarrenak ezkutatu zituen Frantisek Suchy Pragako erraustegiko kudeatzaileak dagozkien kutxetan, guztiak ere behar bezala zenbakituta; honako hauenak dira: Enric Moner Castell (Figueres, Girona), Pedro Raga Castell (Ulldecona, Tarragona), Antonio Medina García (Motril, Granada), Rafael Moyá Pujol (Andratx, Illes Balears) Vicente Vila Cuenca (Alberic, Valencia) eta Antonio Clemente Jódar (Antas, Almeria) .
 
FAMILIAK


Bilaketa eta esker ona


Unai Egia ikerlariak egindako aurkikuntza harrigarri horrek ezusteko bide batetik eraman zuen ikerketa. Beste bost pertsona horien familiak bilatu eta aurkitzea zen eginbeharra. Bilaketa lan handia egin ostean, ia guztien ahaideak aurkitu zituzten, salbuespen batekin oraingoz (2024. urtea), Vicente Vila Cuencaren ahaideak.


Pertsona horien familiak lokalizatzeaz gain, garrantzitsua eta pozgarria da pertsona talde bat osatu izana, gure ahaideek sufritu zuten zoritxarrak batuta, haiek ahanzturatik ateratzeko.

AHANZTURATIK MEMORIARA


9.500 espainiar inguru igaro ziren nazien kontzentrazio-esparruetako batetik: Mauthausen, Buchenwald, Ravensbrück, Dachau, Flossenbürg, etab. Gutxi irten ziren bizirik, eta bizirik iraun zuten urriek Frantziako Estatuan bizi behar izan zuten, gehienen kasuan, edo, bestela, Hego Amerikara emigratu.


 


ESKERRIK ASKO, BETI

Benito Bermejo, Sandra Checa (2006an argitaratu zuten Memorial Liburua, 2. Mundu Gerra amaitu eta 61 urte geroago), Josu Chueca (Gurs esparruari buruz egindako lanaren egilea), eta Etxahun Galparsoro (nazien kontzentrazio-esparruetako euskal herritarrei buruz egindako ikerketaren egilea) historialarien lanari esker, bai eta elkarte memorialistikoen lanari esker ere, ikusgarritasuna eman ahal izan zaio nazien esparruetako izugarrikeria pairatu zuten pertsona haiei.

Eskerrik asko, halaber, Hradistko nazien esparruko deportatuen memoria babesteko Lantaldearen ahalegin suharrari. Talde horrek ahalbidetutako hainbat lorpen aipatu behar dira: lau Stolperstein jarri dira, Enric Moner Castell, Rafael Moyá Pujol, Antonio Medina García eta Anjel Lekuona Beitia omentzeko.

Kontzientzia, lankidetza eta errespetua

2022ko apirilean, omenaldi bat egin zitzaien sei pertsona horiei Strasniceko (Praga) errausketa-labe zibilean. Omenaldi horretan, Txekiar Errepublikako hainbat agintarik hartu zuen parte, eta Alemaniako, Frantziako, Espainiako, Kataluniako Generalitateko Gobernuko, Balear Uharteetako Gobernuko eta Gogora Institutuko ordezkariak izan ziren bertan. Sei pertsona horien senitartekoak Hradistkora ere joan ziren, eta, zeremonia xume batean, haritz bat landatu zuten, munduko herrien arteko askatasuna eta adiskidetasuna sinbolizatuz. Harreman horren ondorioz, Busturiak eta Hradistkok senidetze-akordioa sinatzea adostu dute, eta horren ondorioetako bat panel hau ezartzea da.