BUSTURIA
SEI AUZO SEI PAISAIA,
MILAKA SENTIPEN
Busturia ezagutzea Busturiko auzoetan barrena egitea da. Bai Axpeko Andre Maria eta bai Paresikoa Donemiliagako kartularioan (759. urtetik 1194. urtera) aipatzen dira jada. Desberdinak dira, eta bakarrak, eta oinez joan zaitezke batetik bestera, patxada osoz. Kolore okreak, urdinak eta imajinatu ditzakezun berde tonalitate guztiak erakusten dituen paisaietan barrena doaz bideak. Pauso bakoitzean, gelditu egiten da denbora, eta isiltasuna imajinatzen hasten zara, naturaren soinuen harmonia bat. Garraio publikoa (trena eta autobusa) erabil dezakezu horietara joateko, paisaiaz gozatzea beste ardurarik hartu gabe.
ESTUARIOAREN ERTZEAN
ABIÑA
Izen bera zuen garai bateko baserriaren lurretan dago, kostaldeko zerrenda batean, itsasertzean egoteak dakarzkion alderdi erakargarriak bereganatuta. Inguru idiliko honetan dagoen San Antonio hondartzak bat egiten du, itsasbehera denean, Sandindere uhartearekin, artadi kantauriar trinko batez estalita dagoenarekin; Abiñako udalekuetarako erabiltzen den eraikin erromantikoaren siluetarekin (kultura-ondasun izendapena eman zaio berriki), gogoan hartzeko moduko paisaia multzoa osatzen du.
NEKAZARIA, KULTURALA, SOZIALA
ALTAMIRA
Muinoen arteko bailara zabal batean kokatutako herrigune hau plaza nagusiaren, frontoiaren eta San Migel Goiaingeruaren elizaren inguruan osatu da. Paseatzeko auzo-bide lasaien sareak, Txirapozu jauregiak, Busturiko mahats-parra tipikoek eta bide inguruetako etxe eta lorategiek ingurune polit eta lasaia eratu dute, eta oraindik ere ikus daitezke hainbat errota nahiz garai bateko burdinolen hondakinak.
BIZILEKU LASAI ETA ABEGIKORRA
AXPE
Artadi kantauriarrak estaltzen duen Atxapunta haitz bereziaren hegaletatik estuarioaren ertzeraino hartzen du. Udaletxearekin batera, Andra Maria eliza ageri da auzoaren gune nagusian; askotariko arkitekturez osatutako udaldietarako etxe handi ugari daude inguru honetan, eta Busturiko tipologia da nagusi: lau isuriko teilatuak eta leiho luzeak.
LANDA-GUNEETAKO BIZIMODU BETEA
PARESI
Sollube mendiaren hegaletan han-hemenka askotariko baserriak biltzen dituen toki lasai hau abiapuntu ederra da mendian zehar paseoan ibiltzeko. Elurretako Andra Mariaren baseliza zaharra da auzune honen ardatza.
IDILIO ENTRE NATURALEZA Y ESPACIO RURAL
SAN
BARTOLOME
Atzean mendi-hegalak, mendiak eta baserri ederrak dituzten zelai leunetatik, padura ikus daiteke. Eta, horien guztien artean, icebergaren tontorrak balira bezala, kareharrizko formazio bitxiak altxatzen dira, paisaiari edertasuna eta nortasuna erantsiz. San Bartolomeko baselizak eta harrizko parrek babestutako bideek, beste zenbait baserrirekin batera, halako baretasun-irudi bat sortzen dute, aspaldiko tokien usaina duena.
KONEKTIBITATEA, HIRI-DINAMISMOA, PADURA
SAN KRISTOBAL
Estuarioan barrurago dagoen auzo honek hareatza bitxi eta zabal batetik begiratzen dio padurari. Auzoaren zatirik hiritarrenak haren iragan industriala dakar gogora, presente baitago oraindik ere. Beti sortzen da giroa errepidetik gertuko lokal eta zerbitzuetan.