ARKITEKTURA ZIBILA

AZTARNA UZTEN DUTEN OHITURAK. DISEINUA, ERAIKUNTZAK ETA FUNTZIONALTASUNA

parallax background
ARKITEKTURA ZIBILA

Leinuen oinordetza eta herritarren istorioak

 
DEFENTSARAKO ARKITEKTURA


MADARIAGA DORREA


XV. mendeko dorrea izan zen, bando-gerren garaikoa. Hainbat etapatan altxatu zen, eta izaera eta neurri sendoak eman zizkion horrek. Jatorrizko dorrea, XIV. mendetik XV.era bitartekoa, birmoldatu egin zen XV. eta XVI. mendeetan. XVIII. mendean, jauregi bat eraiki zen haren ondoan, eta, azkenik, XIX. mendean, baserri bat erantsi zitzaion. Kokapen pribilegiatua du, muino leun baten gainaldean baitago, Gernika eta Bermeo arteko zin-bidean, Biosferaren Erreserban bertan. Paisaiari eta hango habitat nagusiei, padurari, estuarioari eta artadi kantauriarrari gailentzen zaie horrela. Gaur egun, hantxe du egoitza Ekoetxeak, Euskadiko Biodibertsitate Zentroak eta Urdaibai Biosfera Erreserbako Zerbitzuak, eta berregituratu eta egokitu egin da, beraz.

 
MARINEL-ESTILOA


ERLOJUAREN DORREA


Gernika-Lumotik etorrita Busturiaren sarbide den muinoaren gainaldean, Madariaga dorre historikoaren multzo arkitektonikoaren zati da. Piramide-enborreko itsasargi-arkitektura du, harrigarriki, eta euskal estilo neoklasikokoa da. Barrualdean, bere mekanismo zaharrari eusten dio erlojuak. Jose Antonio Amunategik ordaindu zuen, eta herriari eman zion 1852an. Bermeoko arkitekto Antonio Goikoetxeak proiektatu zuela uste da, eta hura izan zen Portugaleteko Zubi esekia, egun Bizkaia Zubia deritzona, egin zuena ere.

 
AIRE BERRIAK


TXIRAPOZU JAUREGIA


Manuel Txirapozu indianoak eraiki zuen jauregi hau, gurasoengandik dohaintzan jaso zuen orube batean, Altamira auzoaren goialdean. Jabetza pribatua denez, ezin da barrua bisitatu, baina estilo barrokoaren eta neoklasikoaren arteko arkitektura mirets dezakezu kanpoaldetik. Fatxadaren goiko aldean, familiaren armarria ageri da, eta erdian, berriz, Ama Birjina Sortzez Garbiaren irudia, eraiki zen urtea, 1793a, idatzita duela beheko aldean. Etxeak bi eguzki-erloju ditu

Txirapozu jauregia landa-ezaugarriekiko erresidentzia bat da, eta Busturiko San Mames loza-fabrikaren egoitza administratiboa izan zen; horrez gain, 1952tik 1978ra, Euskal Herriko pintore garaikide ezagun eta famatuenetako baten egoitza ere izan zen, Jose Maria Uzelairena (Bermeo 1903 - Bilbo 1979). 1956an, Ernest Hemingway hartu zuen etxean, laguna baitzuen, eta erretratua ere egin zion, Juan Duñabeitia merkatari eta itsasgizon bilbotarrarekin batera.

 
GUNE OSASUNGARRIAK


HAURRENTZAKO UDALEKUAK


Besteak beste haurren elikadura, higienea eta osasuna hobetzeko xedez, Bilboko Udal Aurrezki Kutxak, 1925ean, Begoñako Ama Birjinaren eskolako prebentzio-zerbitzua sortu zuen, Abiña auzoan. Bilbotar arkitekto eta hirigile ospetsu bati eman zitzaion proiektua egiteko ardura, Ricardo Bastida jaunari, eta haurrak artatzeko, prestatzeko eta ostatu emateko hainbat eraikin, instalazio eta espazio bateratuz gauzatu zen egitasmoa. Eraikin nagusiak Ondasun Kultural babes-izendapena jaso zuen 2011n.