MEMORIA HISTORIKOA

OROITZEA, ERREPARATZEA,
ELKARREKIN BIZITZEA

Gure kaleetan gordetzen dugu memoria, oraina lantzeko eta iraganeko akatsak berriro ez errepikatzeko. Garrantzitsua da jakitea nola iritsi garen gaur arte, zer gertakari eta gertaera historiko bizi izan dituen herriak, eta nola eragin dieten pertsonei eta komunitateari.

 Gogoan

258 euskaldun inguru eraman zituzten Alemania naziko kontzentrazio-esparruetara 1940 eta 1945 bitartean, tartean Anjel Lekuona. Mauthausen, Buchenwald, Dachau, Sachsenhausen, Ravensbrück, Neuengamme, Flossenbürg eta beste hainbat esparrutan pilaturik, “lanaren bidezko deuseztatzea” jasan zuten: lan nekagarriak, elikadura txarrak, janzkera eskasak eta pilaketaren ondoriozko gaixotasunek eragindako heriotzarainoko higadura. Bizi-itxaropena zortzi hilabetekoa zen; erdiak hil ziren. Bizirik atera zirenek ondorio kronikoak izan zituzten, eta hurrengo urteetan hil ziren haietako asko. Betiko izango ditugu gogoan nazismoaren euskal biktima guztiak. Sekula gehiago ez!

ETXAUN GALPARSORO
Historialaria

OROITARRIA


STOLPERSTEINE


Altamira auzoko plazan bertan aurkituko duzu Euskadin ezarritako lehenengo Stolpersteine harria (estropezu eginarazten duen harria). 1945ean, Hirugarren Reichean, Hraistko (Txekiar Errepublika) kontzentrazio-esparrura deportatutako eta han fusilatutako Anjel Lekuona busturiarraren omenezko oroitarria da. Egileak deskribatzen duenez, harriaren aurrean gelditzean eta inskripzioa irakurtzeko makurtzean, erreberentzia egiten zaio omentzen duen pertsonari.


(*) Stolpersteine proiektua Gunter Demnig artista alemaniarrak garatu du. Kolonian hasi zuen, 1992ko abenduan, Roma eta Sinti “ijitoak” deportatzeko dekretu naziaren berrogeita hamargarren urteurrenean. Ondoren, nazionalsozialismoaren biktimei eskaini die. Gaur egun, 75.000 Stolpersteine baino gehiago daude 20 herrialdetan baino gehiagotan.

BUSTURIKO FUSILATUEI OMENALDIA


Axpe auzoan, aire zabaleko oroigarri batek gogora ekartzen du 1936tik 1937ra legez kanpo fusilatu zituzten busturiarrek bizi izandakoaren egia. Hurbildu haien historiara, haien bizimoduen kontakizun laburren bidez. Bizitza horiek ezagutzeak haien memoria, beren familiena eta gure herriarena birgaitzen laguntzen du.


5

TOTEMAK

Berriro gerta ezin daitezkeen bidegabekerien eta giza sufrimenduaren lekukotasun publikoa.

1936

GERRA ZIBILA

Gure historiako kapitulu izugarri bat, erreparatzen ahalegintzen garena.

9

BUSTURITARRAK

Beren herria, askatasuna eta oinarrizko eskubideak defendatzeko bizia eman zuten pertsonak

ERAKUSKETA


HRADIŠTKO


Txikoria belarrak loratzen ez zirenean


Busturiako Kultur Etxean (Altamira auzoa) Txekiar Errepublikako Hradištko kontzentrazio esparruari buruzko, Lucie Hašková-ren erakusketa dago ikusgai. Lan-esparru eta sarraski-esparru honetako biktimen irudiak eta testigantzak biltzen dituzten 20 panel dira, tartean Anjel Lekuona busturitarra, Hradištkon fusilatua.

Abuztuaren 4tik irailaren 31ra

ORDUTEGIA
Astelehenetik ostiralera
Abuztua: 9:00-14:00
Iraila: 9:00-11:30 eta 16:30-20:30

Doako sarrera