GARBITOKIAK ETA ITURRIAK
EGUNEROKOTASUNA HISTORIA BIHURTUTA. GARAI BATEKO KULTURA ISLATZEN DUTEN ERAIKINAK
XX. mendearen erdialdera iritsi zen ura Busturiko etxeetara, eta, ordura arte, eguneroko joan-etorrien helmuga eta abiapuntu izan ziren ibai eta iturri publikoak, baserriak eta familiak urez hornitzeko, ganadua hazteko edo arropa garbitzeko. Zereginok ibaietako putzuetan egitea lan gogor eta deserosoa zen, eta, arintzeko, garbitokiak egin ziren. Emakumeen lantoki ez ezik, topagune eta sozializaziorako bide ere baziren. Busturian, garbitokiak beste herrietakoak baino txikiagoak ziren, hiruzpalau emakumerentzat oro har. Baserri askok beren garbitokiak zituzten. Garbitoki komunen artean, Miñeko garbitokia (San Kristobal) edo Zortzi lagunak bat (San Bartolome) nabarmentzen dira.
MIÑEko garbitokia
Ehun urtetik gorako garbitokia, bidegurutze batean kokatua, Madariaga dorretik oso gertu, Gorritxekale izeneko auzunean. 1923an inauguratu zuten, eta duela gutxi zaharberritu dute, zaindu eta gordetzeko. Karratua da formaz, eta, atzealdean, iturri bat du. Hortik hartzen zen edateko ura etxerako. Ondoren, abereentzako aska eta garbitokia zeuden, lau ontzi bereizi zituena, non arropa xaboitzen eta uretan pasatzen zuten. Eta arropa “kolpatzeko” (garbitzeko) gunea zuen ondoan.
LARRAGOko iturria
Aska-iturri gisa moldatutako iturburu bat da. Oinplano angeluzuzeneko egitura hau hareharrizko bloke handiekin dago osatuta, eta nahiko ondo gorde da. Zenbait urtarotan, ura isurtzen du oraindik.