ONDARE ERLIJIOSOA

KULTURA ESPIRITUAL
BATEN
KEMENA

parallax background
ONDARE ERLIJIOSOA

Kultura espiritual baten kemena


AXPEKO ANDRA MARIA ELIZA


Eraikin gotiko bikaina (XVI. mendekoa), dotorea eta soila. Natura-gune batean eraikita egoteak indartu egiten du elizaren irudia, eta ikono bat da bai auzorako eta bai Busturirako. Erdi Aroko nekropoli bat zegoen inguru horretan, gaur egun aztarnarik ez badago ere, eta, horregatik, pentsa daiteke eliza bat izango zela hor Erdi Aroko lehen urteetatik. Eliza honetako kalizen, liburu zaharren eta koadroen erakusketa bat egin zen Bilboko Guggenheim Museoan.

 

ALTAMIRAKO
SAN MIGEL


Izen bereko baseliza zegoen tokian altxatu zen eliza hau 1887an, eta parrokia gisa eratu zen 1954an. Kanpandorre zuria nabarmentzen da, oso ondo egiten baitu bat tonu griseko harlanduzko lanekin. Espazio guztia hartzen du. Atari zabalak aurrean gelditu eta oinezkoentzako guneaz gozatzeko gonbita egiten du, auzoari bizia emanez horrela. Barruan, zenbait irudi, korua eta epistolaren oinetako eta alboetako portikoa nabarmentzen dira.

BASELIZAK

Baseliza bat auzo bakoitzean


Paresi
1793

ELURRETAKO ANDRA MARIA

Auzoko eskola zaharraren eta Parezi baserriaren ondoan ageri da baseliza xume hau, bi isuriko teilatua eta albo bati atxikitako kanpai-horma dituena. Korua eta presbiterioko lurra zurezkoak dira. Sarrerako atearen gainean urtea ageri da, “año 1793”, eta aldarearen atzeko horman, landutako gurutzeekiko harri bat dago. Marinelen zin-opariak gordetzen ditu. Ermitaraino oinutsik igotzeko ohitura zegoen, eta, normalean, arrantzaleen familiak joaten ziren hara.

Jaia
abuztuaren 5ean

Abiña

SAN ANTONIO PADUAKOA

Inguruko paisaiaren indarraren aurrean, ez da oso nabarmen ikusten, San Antonio hondartzaren ondoan, muturrean burdinazko gurutzea daraman bere kanpai-hormarekin.Oraindik ere jotzen dute banakako batzuek baselizaren ate saretura, santuari mutil-laguna edo neska-laguna eskatzera edota galdutako zerbait bilatzeko laguntza eskatzera. Tradizio herrikoietan jasotzen denez, San Antonio Paduakoak, XIII. mendeko santu portugaldarrak, Abiña baserrian pasatu zuen haurtzaroa, han jaioa baitzuen amona.

Jaia
ekainaren 13an

San Bartolome
1794

SAN BARTOLOME BASELIZA 

Auzoa Axpe eta Altamirarekin lotzen dituen auzo-bidean dago baseliza. 1980an berritu zuten auzotarrek, baina 1794an eraiki zen oinplano berriko baseliza hau. Horixe dago zizelatua ateburuan. Elizpea nabarmentzen da, bloke bakarreko hareharriz egindako bi zutaberen gainean. Ur bedeinkatuaren sarrerako ontzia kareharri ilunekoa da. Lau isuriko estalkia du, eta kanpai-horma harlanduzkoa da, hutsarte batekin kanpaiarentzat. Baseliza honetara jotzen zuten Bermeoko arrantzaleek, arrantza ona izan zezaten eskatzera.

Jaia
abuztuaren 24an

San Kristobal

SAN KRISTOBAL BASELIZA

Ez da horren erraz ikusten. Etxebizitzen eraikin bati atxikita dago. Kanpai-hormak burdinazko gurutze bat eta kanpaia ditu gailurrean, eta zurezko korua du. Ez dakigu noizkoa den, baina badakigu XVII. mende hasieran bazela, haren izena ageri baita Fabrika Liburuan, San Nikolas izenarekin batzuetan, eta San Kristobalekin, beste batzuetan. Bi izen zituen, beraz. Baselizaren egunean, olioa bedeinkatzen zen, eta belarriko minak eta gaitzak sendatzeko erabiltzen zen gero.

Jaia
uztailaren 10ean
KURTZIO ERMITA

JESUS GURUTZILTZATUAREN SANTUTXOA


Kurtzio izenez ezagutzen zen herritarren artean santutxoaren baseliza hau (XVI. mendekoa), eta Andra Mariaren Jasokundearen elizatik 50 bat metrora dago. 1496. urte ingurukoa izan daiteke, urte hori ageri baita habeetako batean. Bizkaian egin ziren santutxo motako lehen baselizetako bat da. Herriaren sarreran altxatzen ziren horrelakoak normalean, garai hartako galtzadetan, elizetatik gertu. Arkupe handia du ezaugarri nagusienetarikoa, baseliza bera bezain zabala baita, ermita bera hartuz barrenean eta babesean. Bizkaian Kristo Gurutziltzatuari buruz egindako tailu onenetako bat du barruan, estilo errenazentistakoa eta egur polikromatukoa. 1980an berritu zen, auzotarren laguntzari esker.