KULTURAREN ETA BIODIBERTSITATEAREN BABESLEKU

AIRE, URA, LURRA,
BIZITZA

Urdaibaiko Biosfera Erreserbaren epizentroan gaudenez, babesa ematen digun askotariko natura aberatsaz goza dezakegu. Gure biodibertsitatearen ezaugarri diren ekosistemak ezagutzeko eta ondo pasatzeko aukera duzu hemen, eta horiek zaintzen lagundu diezagukezu, errespetuzko jarrera jasangarrien bidez.

Aingerubideko hariztia.

Atxapunta mendian dagoen toki idilikoa da. Ez da oso zabala haritz kandudunez (Quercus robur) osatutako baso-masa hau, baina, naturaren ikuspegitik, oso interes handikoa da. Hariztia zeharkatzen duten bidezidorrei eta egurrezko pasabideei esker, oso egokia da paseatzeko. Ikusgarria da bertan dagoen horma-irudia, Alberto Palomera artista bilbotarrak egina: xehetasun handiz erakusten ditu toki horretako fauna eta landaredia.

San Antonio hondartza.

Busturiko San Antonio hondartza, Mundakako itsasadarrean barrena dagoena, hondartza atsegina da, gure artadien berdeaz inguratua. Hondartza zabala da, eta hondar finekoa, eta, gainera, trenez irits daiteke ia bertaraino, geltoki bat baitu nahiko gertu. Paregabea da haurrekin joateko. Pinudi baten babesean, haurrentzako parke bat du, eta mahaiak eta bankuak daude hareatzaren ondoan. Horrez gain, ostalaritza-establezimendu bat ere badago, eta, sasoia iristean, hondartza-zerbitzuak ditu, urte guztirako erakargarri eginez.

Padura eta hareatzak.

Espazio aproposa estuario batean garatzen den bizitza gertutik ezagutzeko. San Kristobalgo hareatzatik ezin hobeto ikusten dira padurak. Oso ondo hautematen dira mareen eta ibaien eraginak, mugak eta hareatzen eta lohien arteko trantsizio-eremuak. Landaredian, landare nagusiek paisaia askotarikoak osatzen dituzte; ihitokien berde iluna bereizten da, esaterako, edo getozka-masen (padurako landarea) berde argia, edota lezkadiz osatutako landare-horma garaiak. Toki egokia da zinez hegaztiei begira egoteko, babesa ematen baitie padurak hegaztiei. Ohikoa da, esaterako, kurlinta txikiak, koartza hauskarak, koartzatxoak, antzarak eta askotariko ahateak ikustea. Tarteka, geldialdiak egiten dituzte hezegune hauetan mokozabalek, beltxargek eta arrano arrantzaleek ere.

San Pedro koba.

Axpe auzoko Andra Mariaren elizatik eta udaletxetik gertu dago. Esploratutako eremuaren luzera 3.000 metro ingurukoa da. Saguzarren koloniak gorde eta zaintzeko, debekatuta dago koban sartzea, azterketa zientifikoak egiteko ez bada. Kobaren barruan bizi da Bizkaiko saguzarren koloniarik handienetakoa. Urdaibai Biosfera Erreserban ugaztunei buruz egindako ikerlan batean jasotzen denez, egoera ahulean edo desagertzeko arriskuan dauden bost saguzar-espezie daude bertan. Saguzarren kolonia horiek zaintzeko, metalezko itxitura bat du kobak, eta debekatuta dago sartzea otsailetik ekainera, emaldien eta hibernazioaren sasoian.

Landazabal atlantikoa – Biosferako ibilbidea.

Urdaibai eta Busturialdean, landazabal atlantikoa natura-ingurunearen gain gizakiak izan duen esku-hartzearen ondorioz osatu den ekosistema bat da. Busturian, haren distira guztia miretsi ahal izango duzu. Ezagutu zer ezaugarri dituen, Axpe auzoan. San Antonio hondartzara doan barruko errepide batean dagoen dibulgaziozko panel ilustratu batek begien bistan jarriko dizkizu gure landazabalaren balioak. Elkarrekin bizi dira gizakia, hainbat ugaztun handi, hala nola azeria eta orkatza, beste hegazti asko, enarak eta birigarroak, esaterako, edota zenbait narrasti eta ugaztun txiki.

Atxapunte.

Atzealdean ageri den agertokia da, eta paisaiaren erreferentea; muino ia piramidala baso eta haitz itxuran altxatzen da Axpe eta San Bartolome artean. Artadi kantauriar trinko batek estalita dago, eta gailurretik ikuskizun paregabea eskaintzen du Busturiko auzo, zelai eta padurez.